eu es en

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

Euskalduna Bilbaok mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua indartu du, aparkalekuan 22 karga-puntu elektriko berri jarrita

Bilbo, 2026ko maiatzaren 18a

Euskalduna Bilbaok ibilgailu elektrikoentzako 22 karga-puntu berri jarri ditu bere aparkalekuan. Ekimen honen bidez, azpiegiturak inpaktu txikiagoko mugikortasun batera egokitzen jarraitzen du, eta jasangarritasunarekiko nahiz zerbitzuen modernizazioarekiko duen konpromisoa indartzen du. Instalazio berriak 22 kW arteko potentzia eskaintzen du kargagailu bakoitzeko, eta %100 ekologikoa, berdea eta trazagarria den hornidurarekin funtzionatzen du.

Ekintza honen bidez, Euskalduna Bilbaok gero eta ohikoagoa den behar bati erantzuten dio: ibilgailu elektrikoan mugitzen diren pertsonenari. Horrela, erabiltzaileek eta bisitariek beren joan-etorriak modu erosoago eta eraginkorragoan antolatzeko aukera izango dute. Karga-puntu berriak erabilgarri egongo dira aparkalekura ibilgailu elektrikoarekin sartzen den edozein pertsonarentzat, Jauregian ekitaldirik izan ala ez. Horrek, gainera, karga-eskaintza handitzen du hiriguneko eremu estrategiko batean.

Ekimen hau Euskalduna Bilbaoren jasangarritasun-planaren barruan kokatzen da, eta Jauregiaren garapena gidatzen duten helburuetako batekin bat egiten du: ekipamendu publiko eraginkorragoa, prestatuagoa eta ingurumenaren nahiz hiri-mugikortasunaren erronkekin lerrokatua izaten jarraitzea. Talde teknikoak emandako informazioaren arabera, karga-azpiegituren gabezia da oraindik ere ibilgailu elektrikoaren erabilera hedatzeko oztopo nagusietako bat. Horregatik, ekimen honek haren ezarpena errazten eta hiriaren deskarbonizazioan laguntzen du.

Instalazioa hilabeteko epean gauzatu da, eta tokiko enpresa batek garatu du; horrek ere proiektuak ingurune hurbilarekin duen lotura indartzen du. Euskalduna Bilbaok beharrezko obra zibila eta egokitzapenak egin ditu zerbitzua martxan jartzeko, eta inbertsioa, berriz, OnlyParking enpresak hartu du bere gain. Erakunde hori arduratuko da kargari lotutako fakturazioaren kudeaketaz ere.

Zerbitzuaren berehalako hobekuntzaz harago, Euskalduna Bilbaok etorkizuneko ikuspegiarekin planteatu du jarduketa hau. Karga-puntuen eskaria eta erabilera monitorizatuko dira, hornitutako kilobatio-ordu aztertzeko, behar berriak identifikatzeko eta instalazioaren potentzia zein hazkundea erabiltzaileen benetako erabileraren bilakaerara egokitzeko. Sistemak, beraz, eskalagarritasuna eta etengabeko egokitzapena ditu oinarri, etengabe eraldatzen ari den mugikortasun-testuinguru batean.

Karga-puntu berrien instalazioarekin, Euskalduna Bilbaok bere jasangarritasun-ikuspegia laburbiltzen duen mezua indartzen du: Being green makes sense. Kasu honetan, ideia hori ekintza zehatz bihurtzen da: zerbitzua hobetzea, Bilbon kargatzeko aukerak handitzea eta ingurunearekiko arduratsuagoak diren azpiegitura publikoen ereduan aurrera egiten jarraitzea.