Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara
We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.
Euskalduna Jauregia – Palacio Euskalduna S.A. Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasunpeko foru sozietatea da.
Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek sortu zuten eraikina. Etengabe eraikitze lanetan den itsasontzi baten antza eman zioten, eta bere garaian Euskalduna ontziola egondako dike batetik azaleratzen ariko balitz bezala ageri da. Jauregiari Enric Miralles saria eman zioten 2001ean, Espainiako Arkitekturaren VI. Bienalean.
Funtzio anitzeko multzo handia da, 58.200 m²-ko azalerakoa. Bilboren erdi-erdian dago kokatuta, nazioarteko aireportutik oso hurbil.
Askotariko jarduerak egiten dira bertan, ekonomia eta enpresa arloetakoak, akademikoak, politikoak, instituzionalak, sozialak nahiz kulturalak. Bertan egiten da, adibidez, OLBEren Opera Denboraldia, Estatuko eta Europako ospetsuenetakoa eta garrantzizkoenetakoa; eta, era berean, bertan du egoitza Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) goren mailako musika erakundeak, zeina 1920an sortu baitzen eta 1922an hasi baitzen kontzertuak ematen.
Eraikinean, bilkurak eta ikuskizunak antolatzeko guneak (Auditoriuma, kongresu eta bilera aretoak, bilkura aretoak, bulegoak eta foyerrak eta Erakusketa Atari zoragarri bat) eta zerbitzuko guneak daude (biltegiak, aldagelak, kamerinoak, entseguetarako aretoak, etab.).
Gune berriak eraikinaren ekialdea hartzen du. Haren egiturak hirigintza itxura berria ematen dio alderdi horri, eta ezin hobeto baliatzen ditu oinezkoen sarbideei eta zamalanetako ibilgailuei dagokienez eskaintzen dituen aukera bikainak. Zalantzarik gabe, lotura-gune aparta da.
Gune eraiki berriaren kanpoaldeak ez du itxuraldatzen jatorrizko eraikinaren fatxada adierazgarri eta ezagunenetakoaren irudia: Itsasadarrera eta urmaelera ematen duen aurreko bista. Zabaltze honi esker, eremu argi eta gardena eratu da, 2.200 m²-ko eremu handia; eta, Erakusketa Hallarekin zuzenean loturik dagoenez, guztira 4.200 m² dituen erakusketa-gunea eskaintzeko aukera ematen du.
Gune berriari metalezko estalki handi batek buru ematen dio; eta, haren baitan, askotariko formatuetako bilerak egin daitezke, motor bidez mugitzen diren panelen sistema baten bidez zatikatu baitaiteke. Horri esker, hainbat aukera eskain ditzake; hala nola, areto bakarra, 435 lagun hartzeko edukiera duena, nahiz bi areto txikiago, 285 eta 132 lagunentzakoak, hurrenez hurren.
Panelei eta gunearen barne-tratamenduari esker, bermatuta daude Jauregiaren jardueretarako baldintza akustikorik eta isolamendu baldintzarik onenak. Bestalde, proiekzio, audio eta itzulpenerako azpiegitura guztiez hornituta dago.
Kongresu gunerako sarrera berri batek sarbiderik onena eskaintzen du, erosoa eta azkarra. Kanpoko irudia ezin hobeto bateratzen da Jauregiko beste bi sarbide nagusiekin, eta Abandoibarra etorbidearekin lotzen da, eskailera mekanikoen eta sarbide erraza duen eta aparkalekutik erabilgarri dagoen igogailu baten bidez.
Gainera, bi egiaztatze-gune ditu jantzizaindegiekin, eta, horrela, zerbitzu horren ahalmena optimizatzen da; era berean, komun berriak jarri dira, bezeroei zerbitzu hobea emateko.
Sotoko solairuak berriro antolatu eta egokitu dira, cateringak erabiliko dituen hainbat biltegi eta zerbitzu bertan jartzeko. Karga-igogailu batek Erakusketa Hallarekin komunikatzen ditu biltegi eta lantegiak.
Nabarmendu beharra dago ibilgailuek erakusketen eremura sartzeko aukera dutela.
Ireki den gune zentral handi berriak itxura garbi eta industriala du. Estalki metalikoa handia da, eta askotariko izaera eta itxura duten profilek osatua; hala, gune horretako protagonista nagusia da, formari dagokionez.
Zorua granitozkoa da, eta jatorrizko Hallaren luzapena osatzen du. Hauek dira gune berriaren funtsezko elementuak: altzairua eta beira, hormigoizko euskarriak eta hormak, granitoa eta gogortasun handiko materialak, beren ehundura eta indarra ezkutatzen ez dutenak.
Bereziki aipatzeko ezaugarria da estalkiak zabalera guztian eskaintzen duen ikusgaitasuna. Izan ere, beherantz argitasuna transmititzen duen soluzio bat aukeratu da: gailur edo “V” alderantzikatuen formako argizuloen sistema bat, zerra hortz deritzenen tankerakoak, baina txikiak.
Pieza horien alborakuntzak paisaia irregular eta dardaratzailea sortu du, eta erakarpen handiko elementu formala da, zalantzarik gabe.