eu es en

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

EUSKALDUNA NAGUSIA 2026: KULTUR ESPERIENTZIA HANDIA

Biltzar eta Musika Jauregiak publiko guztiei zuzendutako programazio anitza, irisgarria eta zabala aurkeztu du, formatu handiko ikuskizunekin, bertako talentuarekin eta euskarazko proposamenekin.

 

 

Bilbo, 2026ko maiatzaren 25a

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Iñigo Iturrate Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiak Biltzar eta Musikaren Jauregiaren Aste Nagusiko programazio berezia aurkeztu dute gaur. ‘Euskalduna Nagusia’ izenburupean, antzerkia, musika eta umorea uztartzen dituen ikuskizun sorta bildu du Euskaldunak, jaietan kultur esperientzia oso bat eskaintzeko helburuarekin.

 

Aurtengo edizioko protagonista nagusia ‘Cabaret’ musikal inmertsiboa izango da. LETSGOren eskutik datorren ikuskizun honek Euskalduna Bilbaoko Auditoriuma erabat eraldatuko du. Abuztuaren 19tik irailaren 6ra, jendaurreak Kit Kat Klub ospetsuaren unibertsora eramateko aukera izango du, musikak, probokazioak eta emozioak mugarik ez duten 360 graduko esperientzia batean. Musikal honetan ez dago araurik, eszenatokiak txoko guztiak hartzen ditu eta publikoa ikuskizunaren parte izango da. Zuzeneko musika, desira, dekadentzia eta giro bizi batek Berlingo unibertso liluragarriena ekarriko dute Euskaldunaren agertoki nagusira.

 

Programazioak, gainera, modalitate artistiko oso desberdinetatik hunkitzeko gai diren formatu handiko ekoizpen eszenikoen alde egiten du. Zarzuela Euskalduna Nagusiara itzuliko da ‘El caserío’ lanarekin, Jesús Guridiren obra enblematikoaren mendeurrenarekin bat eginez. Tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituen formatu handiko ekoizpena izango da, eszenaratze anbizio handiko baten bidez.

 

Aipagarria da Ignacio Goitia margolari eta artista bilbotarraren parte-hartzea. Indar bisual handiko eszenografia sortu du, euskal errepertorio lirikoko lanik esanguratsuenetako bati begirada berria emanez. Zuzeneko musika, korua, orkestra eta aktore talde zabala izango dira ekoizpen handi honen parte.

 

Antzerkiak ere leku nabarmena izango du programazioan: Menú Cerrado, Nacho López, Raúl Fernández de Pablo eta Carlos Santos aktoreekin egindako komedia adimentsu eta hunkigarria; Operación Maletero - Kastañuela Western, 80ko hamarkadako Bilbon girotutako abentura zoroa, Gurutze Beitia, Ylenia Baglietto eta Maribel Salas lehen aldiz oholtza berean elkartuko dituena, euskal komediako hirukote aparta osatuz; eta El amor no se reproduce en cautividad, Gemma Martínez eta Gorka Mínguezek protagonista dituen proposamen garaikidea, harremanei, desirari eta maitasunaren kontraesanei buruzko gogoeta egiten duena, ikuspegi intimo eta gaur egungo batetik.

 

Programazioak ‘Barre Nagusia’ zigilua ere izango du aurten. Umoreari eta formatu hurbilei eskainitako espazio honek Euskalduna Bilbao berriro ere bakarrizketa eta komediaz beteko du. Bertan izango da Z.U.K.U.A., Maria Cruickshank eta Ugaitz Alegriaren euskarazko umore ikuskizuna, ironia, identitatea eta gogoeta uztartzen dituena ikuspegi garaikide eta hurbil batetik. Horrez gain, Mitxel Santamarinaren Marika de Gernika bakarrizketa ere programazioan izango da; umorea, musika eta emozioa nahasten dituen proposamena, identitatea eta aniztasuna ironiaz eta freskotasunez lantzen dituena.

 

Aste Nagusi osoan zehar, Euskalduna Bilbaok topagune eta gozamen guneak sortzeko apustuari eutsiko dio, Euskalduna Klub jai giroa partekatzeko espazio bihurtuz.

 

Programazioa osatzeko, larunbatero doako bisita gidatuak eskainiko dira, publiko guztiari Euskaldunaren espazioak eta bitxikeriak beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera emanez.

 

Programazio honekin, Euskalduna Bilbaok Aste Nagusiko kultur erreferente gisa duen rola sendotu nahi du, formatu handiak, gertutasuna, nortasuna eta kalitatezko esperientziak uztartzen dituen eskaintzaren bidez.