eu es en

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

EUSKALDUNA BILBAOK ETA PARISEK ZUNTZ OPTIKOAREN BIDEZ SINKRONIZATUTAKO BI PIANOREKIN ZUZENEKO KONTZERTU BAT PARTEKATUKO DUTE

Lau pianistek aldi berean joko dute bi hirietatik, musika eta teknologia uztartzen dituen esperientzia aitzindari batean

 

Bilbo, maiatzaren 28a

 

Euskalduna Bilbaoko entsegu-gelak ‘Piano Speculum Paris-Bilbao’ kontzertuaren aurkezpen ofiziala hartu du gaur goizean. Nazioarteko proposamen berritzaile honek Bilbo eta Paris aldi berean konektatuko ditu, denbora errealean sinkronizatutako bi pianoren bidez eta kalitate handiko zuntz optikoari esker.

Kontzertua datorren ekainaren 5ean izango da Euskalduna Bilbaoko 0B aretoan. Bi hiriek zuzeneko ikuskizun bakarra partekatzeko aukera izango dute, bien artean ia 1.000 kilometroko distantzia egon arren.

Aurkezpenean Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak; Iñigo Iturrate Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiak; Irune Zuluaga EuroBasqueko presidenteak; eta María de Santos Yamahako piano saileko ordezkariak hartu dute hitza.

Iñigo Iturrateren hitzetan, “gaur aurkezten duguna ez da ohiko kontzertu bat, musikaren, teknologiaren eta Europako kultur loturen arteko elkargunea baizik”. Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiak nabarmendu du halako ekimenek bat egiten dutela Jauregiaren apustuarekin: “kultur berrikuntza, nazioarteko lankidetza eta publikoarentzako esperientzia artistiko berriak bilatzea”.

Bestalde, Irune Zuluagak proiektuaren izaera europarra nabarmendu du, musikak “Europako hizkuntza komun handietako bat” izaten jarraitzen duela adieraziz. Era berean, ‘Piano Speculum’ bezalako ekimenak “herrien eta belaunaldien arteko kultur zubi” direla azpimarratu du, lankidetzaren eta bikaintasun artistikoaren bidez eraikiak.

Yamaharen izenean, María de Santosek denbora errealean bi pianoak sinkronizatzeko garatutako teknologiaren funtzionamendua azaldu du. Horri esker, interpretazio bakoitza aldi berean entzun eta ikusi ahal izango da Bilbon zein Parisen.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, bere aldetik, “teknologia musikaren eta kulturaren zerbitzura jartzen duen” proposamen baten balio berritzailea azpimarratu du. Halaber, Bizkaia “musika tradizio sendoa eta hazten jarraitzen duen harrobi indartsua duen lurraldea” dela nabarmendu du. Arrizabalagak gaineratu du ekimen honek, beste behin ere, “musikak edozein muga gainditzeko gaitasuna” daukala erakusten duela.

Ekitaldian Uxue Filibi 11 urteko pianista gazteak ere parte hartu du. Kontzertuaren programan parte hartuko duen musikariak honek Frédéric Chopinen ‘Grande Vals Opus 42 nº 5’ obra jo du.

Teknologia zuzeneko musikaren zerbitzura

Kontzertuak agertoki birtual berean batuko ditu Leo de María eta Uxue Filibi, Parisko Yamaha Artist Services Europe egoitzatik; eta Yolande Kouznetsov eta Aleksandar Dermanovic, Euskalduna Bilbaotik.

Bi pianoei aplikatutako teknologiari esker, interpretazioak aldi berean entzun eta ikusi ahal izango dira bi auditorioetan. Pianista batek Parisen tekla bat sakatzen duenean, tekla hori Bilbon ere mugituko da eta soinua aldi berean entzungo da, musika, berrikuntza eta Europako kultur lotura uztartzen dituen esperientzia inmersibo bat sortuz.

Proiektuaren helburua musikaren papera indartzea da, kulturak eta hiriak konektatzeko tresna gisa, eta teknologiaren eta sorkuntza artistikoaren arteko harreman modu berriak esploratzea.