Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara
We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.
Euskaldunak La Familia Addams musikal handia aurkeztuko du Bilbon. Addams familiaren munduan, euren giroan, triste egotea zoriontsu egotea da, zentzugabea zentzuduna da, mina sentitzea poza sentitzea da, arduragabekeria zuhurtzia da, eta heriotza eta sufrimendua euren ametsen oinarria dira.
Hala ere, guraso ororentzako amesgaizto beldurgarrienetako (eta ohikoenetako) bati aurre egiteko zorian dago familia bitxi hau: seme-alabak nagusitzen ari dira. Hainbat urtez, Gómez eta Morticia Addams balioei eusten saiatu dira; izan ere, berezi eta paregabeak dira. Baina harmonia horretan bizitzen jarraitu nahi duten arren, ezustekoren bat gertatuko da: Miércoles, euren alaba makabro eta maitea, Lucas Beinekerekin maitemindu da; azken hori Ohioko familia “arrunt” eta errespetagarri bateko mutil gozo, adeitsu eta argia da.
Inor ez dago oso konforme bikote honekin, baina, gauzak are gehiago okertzeko, Miércolesek afaltzera gonbidatu du Beineke. Musika-ikuskizunak gau negargarri, fatidiko eta irrigarri batera eramango gaitu Addamstarrenean. Sekreturik ezkutuenak azaleratu egingo dira, harremanak, maitasunak eta laguntasunak zorrotz aztertuko dira, eta Addams familia osoak, arbasoak barne, aurre egin beharko dio hainbat belaunalditan saihestea lortu duen gauza bakar eta izugarriari: aldaketari.
Arrastoa uzten duten bi komedia handi, Toc Toc eta El reencuentro
Toc toc, espainiar Estatuan azken hamarkadetan izandako antzerki-fenomenorik handienetakoa, bueltan dator Euskaldunara. Laurent Baffieren komedia bikaina Julián Quintanillak egokitu, eta Esteve Ferrerrek zuzendu du. Aurretik birritan izan da gurean: 2017ko Aste Nagusian eta joan den azaroan; 7.935 ikus-entzule bildu zituen, eta emanaldi gehienetarako sarrerak agortu ziren. Jendeak etengabe eskatzen duela-eta, Euskaldunan hirugarrenez egongo da ikusgai komedia modernoaren erakusgarri handi hau.
Oraingoan, Carmen Arévalo, Laura Hernando, Sara Moros, Paco Obregón, Fran Sariego, Ana Trinidad eta Esteve Ferrer bera izango dira protagonista. Toc Toc antzezlanak sei pertsonaren arteko topaketa kontatzen du, psikiatra ospetsu baten kontsultaren itxarongelan. Horietako bakoitza TOC (Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboa) gaitz desberdin batek jota dago. Pertsonaietako batek kontatzen ematen du eguna; bigarrenak ez du marrarik zapaltzen eta modu asimetrikoan jartzen du dena; hirugarrenak gizateriarekiko kontaktu fisikoa saihesten du eta eskuak garbitzen ditu une oro; laugarrenak poltsa aztertzen du behin eta berriro, dena dagokion lekuan dagoela egiaztatzeko, eta aitaren egiten du arnastu bezain maiz; bosgarrenak zakarkeriak botatzen ditu behin eta berriro, eta seigarrenak birritan errepikatzen ditu esaten dituen esaldi guztiak.
Itxarongelan dauden bitartean eta psikiatrak hitzorduekin duen atzerapena dela-eta, sei pertsonaiek itxaronaldia arinduko dute, elkar ezagutuz, esperientziak trukatuz, euren buruak proban jarriz eta denbora hori talde-terapia bitxia bihurtuta. Toc Toc zoratzeko moduko komedia da, publikoaren barrea etengabe eragingo duten egoera bizi eta ezustekoen segida batekin.
Bestalde, Aste Nagusirako antzerki-egitarauaren barruan, El reencuentro antzezlana aurkezten da. Amparo Larrañagak eta María Pujaltek interpretatzen dute, Gabriel Olivaresen zuzendaritza eraginkor eta aditupean. Ramón Pasoren (Enrique Jardiel Poncela handiaren iloba) komedia handi honek oso desberdinak diren bi ahizparen istorioa kontatzen du: 20 urte elkarri hitzik esan gabe igaro ondoren, etxe berean bizitzen hasi behar dute. Amparo Larrañaga Julia da, biolin-jotzaile bertutetsu, zorrotz eta paranoikoa; giza harremanak premiagabeko guraria direla uste du, hau da, egiteko beste ezer ez duten pertsonen dibertsio hipokrita. María Pujalte Catalina da, galtzailea, sentibera, eta pazientzia eta gabezia afektibo handikoa.
Orain, bi hamarkadatan tontakeriengatik (eta tontakeriak ez diren gauzengatik, haiek oraindik jabetu ez badira ere) haserre eta aldenduta egon ondoren, aurrez aurre egingo dute topo erronka dibertigarri eta lotsagabe honetan; euren iragana gainditu beharko dute, etorkizunari begiratu ahal izateko. Zer da hobe, elkar maitatzea edo elkar hiltzea? Edo bien arteko nahasketa bat? Amparo Larrañaga eta María Pujalte bi aktore handi dira, eta arrakasta handia dute antzerkizaleen artean. Publikoak, ordainetan, barreak eta algarak botako ditu emanaldi osoan, eta bien arteko erabateko konplizitateak besaulki-patioa blaituko du.
Chichinabo Cabaret, Pabellón 6 elkartearen musika-muntaketa berri eta ironikoa
Dezepzioa, desilusioa, desengainua, kamusada, ezustea, frustrazioa: horrelakoak dakartza gogora Chichinabo Cabaret obrak. Ikuskizunak sakondu egiten du utopiaren faltsuketan, ordezko errealitatearen asegabetasunean eta bete gabeko promesen hondar mingotsean. Sarkasmo eta umore finez lantzen da hori guztia, gainera. Pabellón 6 elkartearen antzerki-laborategiak kabaret “mental, irrizko eta japoniarra” bihurtuko du Euskaldunako Barria aretoa, zeinak ironia samurrez islatzen baitu zer-nolako arazoak dituzten gaur egungo gazteek lan-munduan sartzeko. Horretarako, langabezian dagoen gazte baten burmuinean sartuko dira, hark bere oroitzapenak eta etorkizuneko asmoak errepasatu ahala, autoestimu arrasto baten bila. Burmuinaren barrenera egindako bidaia bat da honakoa, krisi-garaietan autoestimua berreskuratu nahian, aktore hauen guztien eskutik: Ugaitz Alegria, Irene Bau, Jon Casamayor/Koldo Olabarri, Izaskun Fernández, Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga, Iñaki Maruri, Itxaso Quintana eta Mitxel Santamarina.
Bi antzerki-muntaketa dibertigarri eta iradokitzaile, “Freno de mano” eta “Play out: Muriendo de éxito”
Freno de mano Víctor Winer antzerkigile argentinarraren komedia da, barrez lehertzeko modukoa eta gaurkotasunezkoa, Celso Cletoren zuzendaritzapean. New Yorkeko Unibertsitateko Antzerki Sari Nagusia lortu zuen. Josu Ormaetxek —aktore bilbotar ospetsua— eta Isabel Ordazek —sari ugari jaso ditu, horien artean aktore onenaren Goya Saria— ematen diete bizitza amildegi ertzean dauden bi pertsonaiei. Matilde eta José antzeztuko dituzte; irteera baten bila, bizitzeko, zoriontsu izateko aukera baten bila dabiltzan senar-emazteak. Bizitzak baztertu egin ditu, eta haiek hainbeste zoritxarri konponbide bat topatu baino ez dute nahi. Matildek poesiarekin, eta Josék ilusio zentzugabe batekin.
Bi pertsonaia maitagarriek, bizitza ikusteko duten moduarekin, barrea eragingo dute, eta, arazoei aurre egiteko duten moduarekin, ikusleak ezustean harrapatuko dituzte. Ospitale bateko gelan, egoera larri baten aurrean, Matildek eta Josék euren etorkizuna definitzen dute, krisi ekonomikoa baino garrantzitsuagoa den krisi bat aurkeztuz: balioen krisia.
Ezusteko amaiera duen tragikomedia ironikoa.
Play Out: Muriendo de éxito Teresa Calo autore donostiar ospetsuak idatzitako komedia dramatikoa da, Gorka Mínguez poltugaletetarrak, Lola Baldrichek eta Diego Pérez bilbotarrak antzeztutakoa. Carlos idazlea da, eta arrakasta handia lortu zuen bere lehen eleberriarekin. Azkenaldian, ordea, inspiraziorik gabe dabil, eta irakurleek bizkarra eman diote. Editorea (Koldo) eta emaztea (Nora) buru-belarri dabiltza idazlearen aldartea aldatu nahian, idazketatik urrundu baita, eta Play Station-arekin jolastu besterik ez baitu egiten. Izan ere, Carlos sinetsirik dago hil ostean baino ez dutela bere lana behar den moduan balioetsiko.
Hausnarketa horren berri emango dio Koldori; horren ostean, istripu bat izango du, eta hil egin dela sinetsiko dute denek. Eleberrigileak berak iragarri moduan, hil ostean parrastan etorriko dira aitortzak, sariak, berrargitalpenak eta salmentak. Pozarren daude Koldo eta Nora. Handik hilabetera, ordea, espero gabe agertuko da Carlos, eta zur eta lur utziko ditu biak, emaztea eta editorea, zeintzuk aparretan baitabiltza Carlosen literatur lanaren aitortza dela-eta. Hiruren artean erabakiko dute Carlos ez dadila berriro jendaurrera agertu. Baina zenbat luzatuko dute engainua?
Obra honek ondo baino hobeto erakusten du zer hauskorra den gizakia, auto-estimuaren eta egoaren aurrean. Ikusleak barrez lehertuko dira oholtza gainean ikusiko dituzten egoera bitxiekin.