eu

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

“Titanic: The Reconstruction” erakusketa handia Euskaldunan otsailaren 19 arte

Hondoratu zenetik ia 105 urte bete direnean, Titanic ospetsua Bilborantz abiatu da berriro, aspaldiko Euskalduna ontziolaren kaira. Euskalduna Jauregian erakusketa txundigarria dago ikusgai, “Titanic: The Reconstruction” izenekoa, eta otsailaren 19ra arte izango da ikusteko aukera.

Erakusketak diziplina anitzeko joera dauka, eta jatorrizko elementuak biltzen dituen helburu kultural, didaktiko eta adierazgarrien zerbitzura dago. Elementu horietako batzuek balio historiko handia dute; izan ere, erreplika eta irudi esklusiboez gain, maketa itzela dago; 12 metro ditu luzeran, 4,5 zabaleran, 3,9 eskoran, eta 1:30 eskalan eginda dago, bai Titanic itsasontzia bai ontziratze-portua. Itsasontzi dotore horren orain arteko maketarik handi eta ikusgarriena da.

“Titanic: The Reconstruction” erakusketa gaikako hamahiru gunetan banatzen den ibilbidea da; gune horiek, pieza harrigarrien bidez, xehetasun handiz erakusten dituzte eraikitze-prozesuko hainbat alderdi, itsasontziko bizimodua eta amaieran (1912ko apirilaren 15ean, Iparraldeko Atlantikoan) izandako gertaera dramatiko eta hunkigarriak.

Erakusketan honako hauek ikusteko aukera egongo da: muntaiako tresna, material eta planoak; nabigatzeko jatorrizko tresnak; itsasontzia eta bertako bizimodua ezagutaraztea ahalbidetzen duten irudi eta jatorrizko elementuak; 1909an fabrikatutako altxor historikoa den “Titaniceko kotxea” dagoen sotoen erreprodukzioa, elikagaiekin, baxerarekin, parpailekin, etab.; jatorrizko galako jantziak; bidaiari batzuen objektu pertsonalak; komunen eta irrati-telegrafiako “Marconi kabinaren” erreplika zehatzak, eta itsasontzi ospetsuaren gainbehera argitu zuten istorio hunkigarrien oroitzapen zirraragarriak. Artelanak sotora eraman ohi ziren, eta, bertan, Enrique Gran margolariaren “Titanicen ametsa” izeneko jatorrizko koadroa ikusteko aukera egongo da. Obra horrek nazioarteko bildumagile garrantzitsuen interesa piztu du, baita Leonado Di Caprio aktorearena ere.

Azkenik, ikusleak maketa handia dagoen gunera hurbilduko dira. Maketa 3.000 punturekin argiztatzen da, eta istriborretik irekita dago, honako hauetaz xehetasun handiz gozatu ahal izateko: gelak, korridoreak, eskalinata handia, gimnasioa, igerilekua, bainu turkiarrak, sotoak, jantokiak, makinen aretoa eta “Titanic” itsasontziko bestelako guneak. Itsasontzia Southamptongo portuaren erreplika zehatz batean dago; izan ere, bertatik abiatu zen New Yorkera, 1912ko apirilaren 10ean.

Erakusketako ibilbidea hasi aurretik, bisitariek itsasontziaren historiari buruzko 14 minutuko dokumental interesgarria ikusiko dute. Ondoren, audiogida hezigarria banatuko zaie dohainik, eta, horren bitartez, argibideak emango zaizkie erakusketako ibilbide osoan. Audiogidak gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, galegoz eta ingelesez egongo dira eskuragarri.