eu es

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

FERNANDO CANALES EUSKALDUNA BILBAOKO JATETXEKO ZUZENDARITZARA ITZULIKO DA

Sukaldari bilbotarra Biltzar eta Musika Jauregiko sukaldera itzuliko da, 19 urtez zuzendu zuen jatetxera

Canales izango da 'Euskalduna by Etxanobe' izeneko goi sukaldaritzako proiektu honen burua

Fernando Canales Euskalduna Bilbaoko jatetxeko zuzendaritzara itzuliko da. Aurkezpenik behar ez duen sukaldaria da, etxeko gizona; negozioa ezin hobeto ezagutzen du, izan ere, jauregiko sukaldearen ardura bere gain hartuta ia bi hamarkadaz egon zen, bere jatetxea irekitzeko erabakia hartu zuen arte. Orain, urte batzuk igaro ondoren, proiektu berri eta zirraragarri honekin itzuliko da, ‘Euskalduna by Etxanobe’ izena izango duena. Bere espiritu inkonformistak abentura honetan murgiltzera eraman du, eta Biltzar eta Musika Jauregira goi-mailako sukaldaritza bueltatzea eta urte asko lehenago espazio esanguratsu honetan bizitako esperientzia hunkigarri eta hurbilak berriz bizitzea onartu du erronka modura.

Egun, Ajuriagerrako Atelier Etxanobe eta La Despensa del Etxanobe jatetxeak kudeatzen ditu Fernando Canalesek, eta orain ‘Euskalduna by Etxanobe’ proiektu berriarekin batera jardungo dute. Gainera, nazioartean oso ezaguna den sukaldaria da, eta erakustaldi gastronomikoak egin ditu Tokion, Brasilen, Düsseldorfen, Hamburgen, Venezuelan, New Yorken, Milanon, Turks and Caicos uharteetan, Moskun, Beiruten, Mexican, Parisen, Tianjin-en (Txinan) eta Libanon. MICE sektorean ere bikain moldatzen da, eskarmentu handia baitu ekitaldi jendetsuetan otorduak antolatzen. Sukaldari gisa dituen dohainak ez dira bere bertute bakarrak. Pertsona polifazetikoa da: epaimahaikide aritu da hainbat lehiaketatan, eta komunikabideetan ere kolaboratu du, besteak beste, Euskalduna Bilbaotik bertatik zuzendutako sukaldaritza-programa batean.

“Etapa berri hau, ‘Euskalduna by Etxanobe’, gure sukaldaritzaren marka izango duen proiektu berria da: kalitatea eta sinpletasuna. Jatetxe hau zuzentzera itzultzen naiz garaiak aldatu direlako, zuzendaritza berriak beste sentikortasun bat erakutsi duelako eta, gainera, jatetxe zoragarria delako, esperientzia asko bizi izan diren lekua. Oroitzapen ikaragarriak ditut leku honetan, eta hemen izan diren bezeroek ere bai”, aitortu du Fernando Canalesek.

Bere aldetik, Iñigo Iturratek nabarmendu du: “Oso pozik gaude Fernando Canales Euskaldunara itzuli delako. Fernandoren itzulerak jatetxea berriro zabaltzea dakar, berak hemen eman zituen 19 urteetan izan zuen indar eta bermearekin. Ziur gaude bere etorrerak Euskaldunak eskaintzen dituen zerbitzu guztietan bikaintasuna are gehiago sendotuko duela. Ongi etorri Fernando Canales Euskaldunako lantalde osoaren izenean”.