eu es

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

EUSKALDUNA JAUREGIAK AURRERA EGITEN DU ESPAZIOAK MODERNIZATZEKO PROZESUAN

Gaur 2EXTERIOR aretoko obrak hasiko dira; hobekuntza-proiektu bat da. Sarbideak aldatu eta horien dekorazioa berritzea aurreikusi da. 245.457,48 euroko aurrekontua du.

 Bilbo, 2019ko abenduaren 2a. Euskalduna Jauregiak 20 urte bete ditu 2019an eta egunero berritzen da, garai berrietara egokitzeko eta datozen urteetako eskaerei erantzuteko. Hori dela eta, espazioak hobetzen eta modernizatzen jarraitzeko asmoz, Euskaldunak jauregiaren 2EXTERIOR aretoan hobekuntzak egingo ditu gaurtik aurrera.

Gaur egun, areto hori beheko solairuan dagoen bilera-espazio angeluzuzena da, eta kanpotik sarbide zuzena du. Bere fatxadak kamerinoen eraikinarekin bat egiten du. Gainera, barneko korridoretik, jauregiaren eraikineko atondo nagusiekin lotzen duen sarbidea du. Bestalde, eszenatokien barneko korridoretik ateratzeko ere balio du, horrekin ere komunikazioa duelako.

Gaur hasten diren obrek 245.457,48 euroko aurrekontua dute eta bi ekintza nagusitan banatzen dira; alde batetik, kanpoko itxitura aldatuko da beirazko pantailen bidez, sarbide-espazio zabalagoa eta ikusgarriagoa definitzeko. Horretarako, egungo fatxadako leihoak aldatu egingo dira, barrualdeari argitasun handiagoa emango dion markesina gehituko da eta areto horretako ate-kopurua handitu egingo da: hiru ate jarriko dituzte.

Beste alde batetik, barnealdea modu efizientean berdekoratuko da. Hormak zuriz margotu, zorua kolore ilunago batean bernizatu eta argi erregulargarri berriak jarriko dira, sentsazio atseginagoa sortzeko.