Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara
We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.
Azken bi asteotan, Euskalduna Bilbaon bezeroekin eta sustatzaileekin lanean aritu gara, ahal den neurrian, haien jarduerei alternatibak bilatzeko. Kongresuen, bileren eta ikuskizunen antolatzaileekin dugun lankidetza, egoera horren aurrean une oro ikusten den erabateko laguntzan eta sentsibilitatean ari da oinarritzen, eta gauza bera esan behar da bertako hotelen eta OPC izenekoen sektoreari dagokionez.
Lan horren ondorioz, kongresu eta ekitaldi ugari, dagoeneko 2020ko azken lauhilekora eraman dira edo eramaten ari dira. Egia esan, ekainera arteko kongresu eta bilera arloko jarduera gehienak atzeratu egin dira, baina horietako batzuek indarrean jarraitzen dute gaur egun. Euskaldunak bezeroekin lanean jarraitzen du, egiten jarraitu beharreko jarduera guztiei erantzuteko.
Une oro, lehentasuna eman zaio osasun agintariek antolatzaileen eta bertaratuen segurtasuna bermatzeko emandako gomendio eta agindu guztiak betetzeko eta COVID 19a kontrolatzeko lanetan laguntzeko konpromisoari, eta horrela jarraituko dugu.
Azken egunotako prozesu honetan guztian, Euskaldunaren jarrera osasun publikoaren aurreko erantzukizunak zuzentzen du, gure bezeroen beharrei erantzuteko, eta gure langile, enpresa eta laguntzaileak babesteko.
Euskalduna Bilbaori berari, bere enpresa emakidadunei eta gure lurraldeko “Meetings & Events” sektore osoari epe laburrean kalte ekonomiko handia eragiten zaiela jakinda, epe ertaineko ikuspegiarekin ari gara lanean, egoera normalizatzen denean ahalik eta jarduera gehien berreskuratzeko eta, aldi berean, bezeroen aurreko fidelizazio eta konfiantza mailari eusteko. Izan ere, kasu askotan bi hamarkadako ibilbidea daramagu elkarrekin. Euskaldunak merkatuan duen posizioa eta Bilbok jomuga gisa betetzen duen lekua bermatu gura ditugu.
Euskalduna Bilbaok, bere egoitzan ekitaldiak egitetik aparte, bere jarduerarekin jarraituko du bezeroei arreta emateko, sortzen diren egoeren aurrean konponbidea aurkitzeko, eta urteko gainerako hilabeteetan jasoko dituen ekitaldien antolaketan aurrera egiteko.
Ikuskizunei dagokienez, sustatzaileekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren irizpideari jarraituz, bertan behera utzi dira hurrengo asteetarako aurreikusita zeuden emanaldi guztiak, 9 ikuskizunei dagozkien 17 emanaldi guztira. Momentuz, ez dago inolako ikuskizun aktiborik apirilaren erdialdera arte.
Gainerako musika eta kultur ikuskizunei dagokienez, unean-unean horietako bakoitzaren egoerari buruzko informazioa emango da, osasun agintarien jarraibideei jarraituz, eta, bertan behera geratuz gero, sarrerak erosi dituzten pertsona guztiei ahalik eta eragin txikiena sortzeko hartuko diren neurrien berri emango dugu. www.euskalduna.eus bitartez saldu diren ikuskizunetan, sarreren zenbatekoa berehala itzuliko da. Era berean, Euskaldunako txarteldegia itxita egongo dela jakinarazten dizuegu.
Komunikabideei eskerrak eman nahi dizkiegu azken asteetako isiltasuna ulertu dutelako, baina jarduera eta ekitaldiak egokitzeko lanak gure bezeroek eskatzen zuten diskrezioa eskatzen zuen –eta gaur egun ere hala da–, kongresu eta bileren alorrari dagokionez, batez ere. Eurak dira une oro euren jarduerei buruzko edozer jakinarazi behar dutenak.
Horregatik, komunikatu honetan ezin dugu kongresuen, bileren eta ekitaldien datu zehatzik eman, baina ikuskizunei dagokienez emandakoetatik aparte beste zifra batzuk eman ditzakegu. Martxoa eta maiatza ziren aurten Euskaldunan aurreikusitako jarduera gehieneko bi hilabeteak. Martxotik maiatzera jardueraren %90 baino gehiago bertan behera geratuko da, 65 jarduera inguru, kongresu, konbentzio eta bilera artean. Baina egia da azken asteetan alde guztien artean egin dugun lanarekin eta lankidetzarekin, aurreikusita genituen bi kongresu garrantzitsuenak beste data batzuetan jartzea lortu dugula, urteko azken lauhilekoan, hain zuzen ere.
Azkenik, adierazi gura dugu Euskalduna Bilbaok erakutsi duela kasu arrakastatsua dela eta aberastasun ekonomikoa, soziala eta kulturala sortu duela bere hogeita bat urteko jardueran, eta krisialdi hau gainditutakoan, berriro ere lanean jarraituko duela Bizkaiaren funtsezko eragile izaten jarraitzeko.
Euskalduna Bilbaoko zuzendaritza nagusiak esker on berezia helarazi gura die Bizkaiko Foru Aldundiari, erakundearen jabeari, uneoro ematen ari zaion laguntzarengatik, eta baita bezeroei eta sustatzaileei ere, erakutsi duten lankidetzarengatik eta sentsibilitatearengatik, enpresa emakidadunei eta hornitzaileei, haien langileei eta “Euskalduna familia” osoari. Itsasontzi honek itsaso asko ditu oraindik zeharkatzeko, eta erronka asko gainditzeko.