eu es

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

EUSKALDUNA BILBAOREN HASTAPENAK ABANDOKO METRO GELTOKIAN IKUSGAI

  • Euskalduna Bilbaok "Euskalduna 1997-1999 Hastapenak - Orígenes - Origins" argazki erakusketa inauguratu du Metro Bilbaon, hiriburuko Kongresu eta Musikaren Jauregiaren historiari begira, 25. urteurrenaren ospakizunean

 

  • Erakusketa hau osatzen duten Fede Merino argazkilari bizkaitarraren hamar argazkiak esposizio ibiltari baten parte dira, hiriburuko, Portugaleteko, Sestaoko eta Barakaldoko metro geltokietako 11 geldialditan zehar

 

Bilbo, 2024ko apirilak 16

Nerea Lupardok, Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiak, eta Eneko Arruebarrenak, Metro Bilbaoko zuzendari gerenteak, ‘Euskalduna 1997-1999 Hastapenak-Orígenes-Origins’ erakusketa ibiltaria aurkeztu dute gaur goizean. Esposizio hau Abandoko metro geltokian ikusgai egongo da gaurtik aurrera, eta azken 25 urteetan Euskalduna eta Bizkaiko hiriburuaren eraldaketa erakusten duten hamar argazki historikok osatzen dute.

'Euskalduna 1997-1999 Hastapenak-Orígenes-Origins' argazki esposizio ibiltaria da, eta Abando (apirila eta 2025eko otsaila), Indautxu (maiatza), Zazpikaleak/Casco Viejo (ekaina), Moyua (uztaila eta 2025eko urtarrila), Santimami/San Mamés (abuztua eta azaroa), Portugalete (iraila), Sestao (urria) eta Gurutzeta/Cruces-eko (abendua) geltokiak zeharkatuko ditu.

Nerea Lupardo Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, erakusketa honek "leiho paregabea eskainiko digu Euskalduna Bilbaoren iraganera, orainera eta etorkizunera begira eta honen hirian integrazioaren inguruan, kongresu eta kultura gunearen 25 urteurrenean, 1999an inauguratu zenetik. Argazki hauek Bilbok garai hartan abian jarri zuen berpizkundea erakusten digute, hiri industriala izatetik gaur egun ezagutzen dugun kultura eta turismo topagunera. Irudi hauek egun ezagutzen dugun lurraldeko erreferente arkitektoniko garrantzitsu honi forma eman dioten lehen zimenduak erakusten dituzte”.

Bilboko Kongresu eta Musika Jauregi ospetsua eraikitzeko prozesuan Fede Merino argazkilariak hartutako irudiek hiriaren historian erabakigarria izan zen garai baten begirada paregabea eta oroigarria eskaintzen dute.  Argazkiek ontziola zaharren lekua hartzen duen eraikinaren eskeletoa biluzik eta zuri-beltzean erakusten dute, baita honi forma eman zioten ahalegina, dedikazioa eta berrikuntza ere. Euskalduna Bilbao bere 25. urteurrena ospatzen ari den honetan, Bizkaiko hiriburuaren berpizkundearen zati gisa izan duen bilakaera gogoratuko du argazki esposizio honekin.

Argazkian: Fede Merino, Nerea Lupardo eta Eneko Arruebarrena, erakusketa osatzen duten 10 argazkietako baten aurrean.