eu es en

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

EUSKALDUNA BILBAOK MUSIKA ESPAZIO ONENAREN KATEGORIAN PLATINUM AWARD SARIA JASO DU EVENTEX AWARDS 2026AN


Jauregiak 100etik 96 puntuko balorazioa lortu du kultura eta musika espazio erreferente gisa duen bikaintasunarengatik nazioarteko aitortzarik gorenean

 

Euskalduna Bilbao nazioarteko zirkuituko areto nabarmenenen artean kokatu da berriz ere, Global Eventex Awards 2026 sarietan Music Venue kategorian Platinum Award saria jaso ondoren. Ekitaldi eta esperientzien industriako nazioarteko aitortzarik garrantzitsuenetakoak dira sari horiek.

Sariketa honetako aitortzarik gorena den hori nazioarteko epaimahaiaren aldetik 100etik 96 puntuko balorazioa jaso ondoren eskuratu du Euskalduna Bilbaok. Gainera, Bilboko Biltzar eta Musika Jauregia izan da aurtengo Eventex Awards sarietan Music Venue kategorian Platinum Award saria jaso duen hautagaitza bakarra.

Aitortzak Euskalduna Bilbaok nazioartean duen posizionamendua indartzen du, musika-gune integral gisa duen balioa azpimarratuz. Bereziki nabarmendu dira azpiegituren kalitatea, moldakortasuna eta kontzertuak, musikalak, ekoizpen sinfonikoak eta formatu handiko kultur ikuskizunak hartzeko duen gaitasun tekniko eta operatiboa.

Sektoreko nazioarteko adituek osatutako epaimahaiak bereziki goraipatu ditu “jauregiaren gaitasun tekniko aparta, nortasun kultural sendoa, programazio jarraitua eta publikoarekin duen lotura eta erantzun maila handia”.

Era berean, kontuan hartu dituzte kudeaketa eta operazio gaitasuna ere: koordinazio teknikoa, muntaketa-denborak, logistika, backstage baliabideak eta urtean zehar kultura eta kongresu formatu desberdinak uztartzeko ahalmena.

Beste bost kategoriatan aitortzak

Bilboko Biltzar eta Musika Jauregiak aintzatespena jaso du, halaber, Event Production Security, Event Production Catering, Debut Event (ekoizpen propioko Mastodophonika ikuskizunarengatik) eta Brand Experience Positive Change (El Mago de Oz musikalarekin lotuta) kategorietan egindako lanagatik.

Aurtengo Eventex Awards sarietan 58 herrialdetatik etorritako 1.405 hautagaitza aurkeztu dira; datu horrek sari honek duen nazioarteko izaera eta lehiakortasuna indartzen ditu.

Platinum Award berri honi esker, Euskalduna Bilbaok musika, kultura eta formatu handiko ekitaldien erreferente gisa duen nazioarteko posizionamendua sendotu du, bikaintasun operatiboan, berrikuntzan eta esperientziaren kalitatean oinarritutako estrategiari eutsiz.