Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara
We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.
Euskalduna Bilbao nazioarteko lehen postuan kokatu da Eventex Top 100 Venues 2026 sailkapenean munduko aurreneko postua eskuratuta. Sailkapen honek arloko ekitaldi eta esperientzia nabarmenenak hartzen dituzten egoitzak aitortzen ditu. 1.798 punturekin, Bilboko Biltzar eta Musika Jauregia sailkapen ospetsu horren buru da. Global Eventex Awards sarien hiru edizio jarraituren emaitzetan oinarrituta osatu da zerrenda; sari horiek nazioarteko ekitaldien eta esperientzia-marketinaren industriako aitorpen nagusietakoak dira.
Sailkapena 79 herrialdetako 3.851 hautagaitzatan oinarritzen da, eta Euskalduna Bilbao munduko biltzar eta konbentzio zentro ezagunenetako batzuen aurretik kokatzen du: Londresko Queen Elizabeth II Centre (3. postua), Abu Dhabi National Exhibition Centre (4. postua), Lurmutur Hiriko Century City Conference Centre (6. postua) eta Qatar National Convention Centre (9. postua).
Sailkapenean nazioarteko beste erreferente handi batzuk ere ageri dira: Lisboako Nazioarteko Azoka (18. postua), Palais des congrès de Montréal (32. postua), ExCeL London (47. postua), International Convention Centre Sydney (49. postua) eta Las Vegas Convention Center (63. postua). Estatu mailan, Fira de Barcelona eta IFEMA Madrid ere lehen ehunen artean daude, 45. eta 68. postuetan, hurrenez hurren.
Bikaintasunari eta nazioarteko ibilbideari egindako aitortza
Eventex Top 100 Venues 2026 sailkapeneko lidergoak Euskalduna Bilbaoren nazioarteko posizionamendua indartzen du, kongresuak, konbentzioak, topaketa profesionalak eta kultura-ekitaldi handiak hartzeko erreferentziazko egoitza gisa.
Emaitzak agerian uzten du bikaintasun operatiboan, instalazioen moldakortasunean, gaitasun teknikoan eta antolatzaileei, parte-hartzaileei zein publikoari eskaintzen zaien esperientziaren kalitatean oinarritutako ibilbidea.
Aitortza hau Global Eventex Awards 2026 sarietan Music Venue kategorian jasotako Platinum Award sariari gehitzen zaio. Kategoria horretan, Euskalduna Bilbaok 100 puntutik 96 lortu zituen, eta bere kategoriako sari gorena eskuratu zuen egoitza bakarra izan zen.
Era berean, nazioarteko aitortzaz beteriko ibilbidea sendotzen du. Ibilbide horretako mugarri nagusietako bat 2003an izan zen, Kongresu Jauregien Nazioarteko Elkarteak (AIPC) Euskalduna Bilbao Munduko Kongresu Jauregi Onena izendatu zuenean. Bi hamarkada baino gehiago igaro ondoren, Jauregiak nazioarteko proiekzioa indartzen jarraitzen du. Aurten bertan antolatutako AIPC Annual Conference 2026 biltzarrak ere lagundu du horretan: 35 herrialdetako kongresu-zentroetako 170 profesional eta arduradun baino gehiago bildu zituen Bilbon.
Iñigo Iturrate Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiaren hitzetan, “ezaugarri horiek dituen sailkapen batean munduko lehen postua lortzea urte hauetan guztietan egin dugun lanaren aitortza da. Lorpen kolektiboa da, eta ez litzateke posible izango Euskaldunako kide guztien profesionaltasunik, ahaleginik eta konpromisorik gabe, ezta gurekin lan egiten duten enpresa eta profesionalen eta gure instalazioetan konfiantza jartzen duten antolatzaileen ekarpenik gabe ere”.
Aitortza berri honekin, Euskalduna Bilbaok ekitaldien industriako nazioarteko erreferente nagusien artean duen tokia berresten du, eta Bilboren eta Bizkaiaren proiekzioa indartzen laguntzen du, kulturaren, kongresuen eta topaketa profesional handien erreferentziazko helmuga gisa.