eu es

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

EUSKALDUNAK L1BRECON 2020 JASOKO DU BIHAR, TEKNOLOGIA IREKIEN SEKTOREKO NAZIOARTEKO EKITALDIA

COVID 19ak bizkortu duen eraldaketa digitalak agerian utzi du sektore estrategikoetan, teknologian besteak beste, industria propioa izatearen garrantzia.

Gure industria, merkataritza, administrazio publikoa edo hezkuntza sistema garatzeko erabateko gaurkotasuna duten gaiak landuko dira, Open teknologiak erabilita.

 

Bilbon, 2020ko azaroaren 10ean

OPEN teknologiek pandemiaren testuinguruan egindako ekarpenen inguruko interes handieneko une batean, L1BRECON 2020k, teknologia irekien sektoreko nazioarteko ekitaldi handiak, 9. edizioa egingo du bihar Euskalduna Bilbaon, egoeraren arabera egokitutako online formatu berriarekin.

ESLEk, Teknologia libreen eta ezagutza irekiaren sektoreko Euskadiko enpresen elkarteak eta estatu mailako Asolif federazioak antolatutako ekitaldia da, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.

COVID-19ak sorrarazitako egoeraren ondorioz, enpresen eta horien negozio-ereduen digitalizazio-prozesua are premiazkoagoa da. Egoera berriak zenbait erronka ekarri ditu, ez bakarrik teknologikoak, baita pertsonen, lan egiteko moduen eta harremanen ingurukoak ere.

Teknologia berriak, egoera honetan, erronkei erantzuteko aukerarik onena dira; izan ere, berritzeko gaitasuna dute ingurune digital hobea sortzeko, tokiko ekonomiak sortu eta sustatu ditzakete, urrutiko lana dute oinarri, eta beste teknologia batzuk baino lehiakorragoak dira eta ezarpen-kostu txikiagoa dute.

Open source teknologiei buruzko jardunaldian eztabaidagai izango dira, besteak beste, industriak, administrazio publikoak, hezkuntzak eta beste sektore batzuek bizi duten eraldaketa digitala; erakundeen antolaketa-eredu berriak; pertsonak eta urrutiko lana; telehezkuntzarako eskubidea bermatu beharra, eta horren guztiaren ondorio diren zibersegurtasunaren arloko erronkak.

Egoerari egokituta, ekitaldia streaming bidez emango da Euskalduna jauregitik, irekian, eta esteka honetan izena ematea nahikoa da zuzenean jarraitu ahal izateko. Jardunaldia IKTen sektoreari, industriari, arlo akademikoari, kluster profesionalei eta administrazio publikoko arduradun eta teknikariei zuzenduta dago.

Egungo egoeran agerian gelditu da zein garrantzitsua den sektore estrategikoetan, hala nola teknologian, industria propioaren jabe izatea. Teknologia irekiek sustatu egiten dituzte tokiko ekonomiak eta herrialderako aberastasuna sortzea. Biltzarrean kasu praktikoei helduko diete eta Open Source teknologiak erakutsiko dituzte; izan ere, lehen bezala orain ere, COVID-19aren garaian, oso erabilgarriak dira.

 

Erronka handiei erantzutea

Aurtengo edizioan 5 gai nagusi eta bakoitzak dituen erronkak izango dira aztergai. Telelanaren inguruan, partaideek zenbait erronka hartuko dituzte hizpide: berrikuntza, lana antolatzeko eredu berrietan; nazioarteko lantalde handien kudeaketa eraginkorra; enpresa-kultura urrutitik sortzea; urrutiko lana arautzen duen Lege-dekretu berria, eta abar.

Halaber, urrutiko hezkuntzan eta online hezkuntzan urteak daramatzaten erakundeen esperientzia ezagutaraziko da. Urrutiko hezkuntza larrialdiko konponbide gisa eta online hezkuntza Interneten oinarritutako hezkuntza-estrategia gisa aztertuko dira. Hala, milaka erakundek azkar egin behar izan duten egokitzapena erraztea izango da kontua, eta sortu diren beharrei erantzuten dieten kode irekiko irtenbideen berri ematea.

Zibersegurtasunaren atalean, telelana areagotzearen eta digitalizazioaren ondorioz enpresek dituzten arrisku nagusiak izango dira eztabaidagai, eta horiei aurre egiteko teknologia irekiek proposatzen dituzten konponbideak azalduko dituzte.

Jardunaldia osatzeko, 4.0 Industriaren gaia eta administrazio publikoak eraldaketa digitalean dituen erronkak ekarriko dituzte mahai gainera. Era berean, azaleratzen ari diren teknologia-beharrei erantzuteko abangoardiako open source tresnak eta irtenbideak ezagutzeko aukera eskainiko du Biltzarrak.