Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara
We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.
Beste urtebetez -hamabost, dagoeneko-, irailean itzuliko da Bizkaiko hiriburura Estatu espainolean egiten den dibulgazio zientifikoko ikuskizunik handiena, Naukas Bilbao. Bere formula paregabearekin itzuliko da, zientziaren ezagutza era samur eta askean zabaltzeko eta gerturatzeko helburuarekin. Naukas dibulgazio zientifikoko plataformak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak elkarlanean antolatutako ekimenak Euskal Herriko eta Estatuko dibulgatzailerik onenak elkartuko ditu; 50tik gora, guztira.
Irailaren 19an eta 20an, 10 minutuko zientzia-bakarrizketa, ikuskizun eta esperimentuekin gozatu ahal izango du publikoak. Aurtengoa, urteurren berezia izanda, eduki aldetik ere apartekoa izango da. Nabarmentzekoa da, esate baterako, Naukas Pro egitarau orokorrean txertatuko dela. Proposamen honetan, zientzialariek eta ikerketa zentroetako kideek beraien ikerketak eta esperientziak partekatuko dituzte. Hor egongo dira, esate baterako, Bizkaiko Osasun Mentalaren Sareko Eva Garnica sikiatra eta EHUko Judith Rivas matematikaria. Lehenengoak mikrobiotaren eta osasun mentalaren arteko harremana azalduko du; bigarrenak, euskal dantzen eta matematiken artean dagoen harreman liluragarria.
Etorriko diren hizlari berriekin batera, Naukas Bilbaoko publikoarentzat ezagunak egingo diren aurpegiak ere izango dira hamabosgarren urteurren honetan, esate baterako Sevillako Unibertsitateko Luisma García Escudero biologoa edota Daniel Marín fisikoa. Lehenengoak intsektuen begiek dituzten tolesturei begiratuko die, eta bigarrenak Elon Musk eta Jeff Bezos bezalako teknoligarkek abiatu duten espazioaren konkistari.
Solasaldi berezi bat ere izango da aurten Euskalduna Bilbaoren auditorioan. Protagonistak Antonio Martínez Ron kazetaria eta Eloísa del Pino Consejo Superior de Investigaciones Científicas-eko presidentea izango dira. Naukas Bilbao Bilbo Zientzia Plaza 2025 iniziatibaren plater nagusia izango da.
BZP EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako zientzia-dibulgazioko ekimena da, Bilboko Udalaren eta Euskampus Fundazioaren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Donostia International Physics Center (DIPC), Metro Bilbao eta EiTB erakundeen laguntzarekin. Aurtengoan, irailaren 17tik 30era ospatuko da.