eu es

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

“BELTXARGEN AINTZIRA” BALLETA URRIAREN 30 HONETAN EUSKALDUNAN, ERRUSIAKO BALLET NAZIONALAREN ESKUTIK

Sergei Radchenchok zuzenduta, adituen iritziz Errusiako ballet konpainia onena da

Konpainia bere XXX. urteurrena ospatzen ari da denboraldi honetan

Bilbon, 2019ko urriaren 15ean

Errusiako Ballet Nazionala Euskalduna Jauregira helduko da datorren urriaren 30ean, betidaniko ballet klasikoena eskaintzeko: Beltxargen aintzira (Piotr Tchaikovsky). Bakarlari eta Maya Plisétskaya mitiko eta paregabearen dantza bikote gisa Bolshoi Antzokiko figura handia izan zen Sergei Radchenkoren zuzendaritzapean, adituen iritziz Errusiako ballet konpainia onena denak, 45 dantzari elkartuko dituen ikuskizuna eskainiko die Euskaldunara hurbiltzen direnei.

Errusiako Ballet Nazionala ospakizunetan dago, denboraldi honetan 30 urte betetzen baititu sortu zenetik. Ondoen egiten dakien bezala ospatuko du, magiaz betetako lehen mailako ikuskizuna eskainiz. 1989an sortu zenetik konpainiaren zuzendaria den Sergei Radchencoren zuzendaritzapean egingo du. Hauek dira Bilbon arituko diren artistak: Maria Sokolnikova, Maria Klueva, Alexandra Krukova, Hanna Zimovchenko, Nurlan Kinerbayev, Vladimir Tapkharov, Evgeniy Yerrmakou eta Aleksander Daev.

Konpainiaren historia

Sergei Radchenkok, bere izenean eta Errusiako Ballet Nazionala ordezkatuz, Rojaseko XXVI. Antzerki Sariei zegokien Dantza Ikuskizun Onenaren Saria jaso zuen 2018an, Beltxargen Aintzira lanarengatik.

Errusiako Ballet Nazionala izan zen Sobiet Batasuna erori ondoren Errusian sortu zen lehenengo konpainia pribatua. 1989an sortu zuen Sergei Radchenko egungo zuzendariak, eta Kirov eta Bolshoi ballet konpainia handien elementu klasikoenak elkartuz sortu zuen. Ballet konpainia independente berria zen, baina Errusiako ballet klasikoaren esparrua erabat errespetatzen zuen.

Gaur egun, Errusiako Ballet Nazionala erakunde handia da. Bere lantalde egonkorrean esperientzia zabaleko 50 dantzari baino gehiago ditu, horietako asko konpainiaren hasieratik bertan aritutakoak. Sergei Radchenkorena da ekimen pribatuko Errusiako ballet konpainia nagusia, eta Errusiako ballet klasiko tradizionalaren kondaira oinarritzen eta handitzen jarraitzen duenetako bat.

Errusia osoko dantzari nagusiak Radchenkoren zuzendaritzapean trebatu dira, eta konpainia hunkigarriari forma ematen eta agertokian denboraz gaindiko ekoizpen lan berriak jartzen lagundu dute, Giselle, Don Quijote, Paquita eta Carmen, besteak beste.

Zuzendariari buruz

Sergei Radchenko 1944an jaio zen. 1964an Moskuko Dantza Eskolan graduatu zen, eta Bolshoi Antzokiko Balletean sartu zen. 25 urte egin zituen bertan. Urte horietan konpainiaren errepertorio guztia dantzatu zuen. Azpimarragarriak ziren bere izaera, xarma handia, tenperamentua eta gustu bikaina, dantza espainiarraren aurrean zaletasun berezia erakutsiz. Sergei Radchenko Maya Plisétskaya ezagunaren dantza bikotea izan zen, eta ballet klasiko handi guztiak dantzatu zituen berarekin.

Azpimarragarria da, baita ere, zine ekoizpen askotan egiten duen lan koreografikoa, eta etengabeko irakaskuntza lana, maisu klase asko eta asko eskainiz. Horietara Bolshoi eta Maryinsky antzokietako maisu garrantzitsuenak gonbidatzen ditu, Errusiako eskola klasikoaren tradizio aberatsaren jarraipena bermatzeko. Balletaren garapenean egindako lanarengatik, Sobiet Batasuneko Ohorezko Artista titulua eman zitzaion 1976an.

Sarrerak salgai daude jada www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste kanaletan. Sarreraren prezioa 15 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne).