eu

Zaharkitutako nabigatzaile bat erabiltzen ari zara

We strongly recommend any of the search engines listed here under for optimum web site visualization: Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11. Thank you very much.

2016an, Euskaldunan jarduera asko egin ziren, eta 401.017 euroko ustiapen-etekina erdietsi zen

2016an, guztira, 731 ekitaldi eta emanaldi egin ziren Euskalduna Jauregian.

Okupazioa %92koa izan zen, eta, zenbateko horren arabera, Jauregiak bere historian erdietsitako okupazioaren batez bestekoa baino 1,2 puntu gehiago lortu du, azken sei urteetako batez bestekoa berdinduta.

731 ekitaldi eta emanaldi horiei Jauregikoak diren Etxanobe eta Jauregia jatetxeek emandako otordu sozial eta enpresakoak gehitu behar zaizkie.

2016an, Jauregiak 519.551 pertsona bildu zituen; kopuru hori bere historiako hirugarren zifra altuena da.

Bertaratutako pertsona horietatik guztietatik, 222.738 bileretara joan ziren, eta 296.813, berriz, ikuskizun edota emanaldiren bat ikustera.

2016an, kontu-ikuskapena amaitzeke dagoela, Euskaldunak 401.017 euroko ustiapen-etekina (Ebitda positiboa) erdietsi du, eta hori oso zenbateko positiboa da; 2015ean erdietsitakora (601.283 euro) iritsi ez den arren –urte benetan bikaina izan zen-, nabarmen gainditu du 2013an (116.216 euro) eta 2014an (240.311 euro) lortutakoa. Nabarmendu beharra dago 2016ko ekitaldian titulu bat gutxiago izan zela OLBEk Euskalduna eskainitako egitarauan.

Jauregiak beti itxi izan ditu orain arteko ekitaldi guztiak superabitarekin; hori horrela, 1999an inauguratu zenetik, 10,5 milioi euro inguruko ustiapen-etekina metatu du, eta, ondorioz, ez du izan diru-laguntza publikoen beharrik.

Jauregiaren jarduerak 2016an izandako eragin ekonomikoa 85,09 milioi eurokoa izan da, “Deloitte” nazioarteko konpainiaren kalkulu-ereduaren arabera. Horri esker, 1.348 lanpostu mantendu ahal izan dira, eta Bizkaiko Foru Ogasunak 6,70 milioi euro bildu ditu zergatan.

2016ko datuek, beste behin ere, Euskalduna Jauregiak Estatuko antzeko beste biltzar zentroen aurrean duen lidergoa berresten dute, ekitaldi-kopuruari dagokionez.

Beste alde batetik, musika-jarduerari eta ikuskizunei dagokienez ere, Espainiako Auditorium publikoen buruan jarraitzen du.

 

Biltzarrak eta bilerak: 413 ekitaldi

Guztira, 413 bilera eta biltzar egin dira. 6 biltzarretan, 1.000 pertsonatik gora bertaratu dira; beste hirutan, parte-hartzaileen kopuru horretara hurbildu da.

Hauxe izan da ekitaldien banaketa:

  • Biltzarrak eta antzekoak:                                        36
  • Juntak eta Batzar Nagusiak:                                  17
  • Konbentzioak eta enpresen ekitaldiak:               21
  • Mintegiak eta jardunaldiak:                               249
  • Ekitaldi sozialak:                                                     23
  • Ekitaldi sozialak, ikuskizunekin:                           9
  • Erakusketak:                                                            17
  • Beste zenbait:                                                           41

Urria eta azaroa izan ziren biltzar gehien izan zituzten hilabeteak: bederatzi eta zortzi, hurrenez hurren. Gainera, urteko jarduera gehienak azaroan pilatu ziren, 51 bilera-ekitaldirekin. Maiatza, ekaina eta iraila ere aipatzeko modukoak izan ziren.

Esan bezala, 1.000 lagunetik gora bildu dituzten 6 biltzar handi egin dira 2016an. Nabarmentzekoa da 2016ko SEPES Protesi Estomatologikoen Kongresua, 2.500 pertsona bertaratu baitziren. 2016an Euskadin egindako kongresu-ekitaldi handiena izan zen, eta eragin ekonomiko handia izan zuen euskal BPGn.

Era berean, bereziki garrantzitsuak izan ziren Erradiologiaren Espainiako Sozietatearen 33. Kongresua (SERAM 2016), 2016ko El Sol Publizitate Komunikaziorako Jaialdi Iberoamerikarra, 2016ko Europython kongresua, Diabetesaren Espainiako Sozietatearen XXVII. Kongresua, Artroskopiaren Espainiako Elkartearen (AEA) eta Belaunaren Espainiako Sozietatearen (SEROD) arteko IV. Kongresu Bateratua, Kardiologiaren Espainiako Sozietatearen Elektrofisia eta Arritmia eta Estimulazio Kardiakoa sailen topaketa, Garraioko Enpresarien XVI. Kongresu Nazionala eta Odol-transfusioaren eta Terapia Zelularraren 27. Kongresua.

Juntak eta Batzarrak martxoa eta ekaina bitartean egin ziren. Besteak beste, BBVAren eta Iberdrolaren Akziodunen Batzar Nagusiak, Laboral Kutxako Bazkideen Urteko Batzar Nagusia, Eroskiren Laneko Bazkideen Prestaketa Batzarra eta Athletic Club taldearen Ohiko Batzar Nagusia egin ziren Euskalduna Jauregian.

Halaber, honakoak ere egin ziren, besteak beste: The European Workshop on Structural Health Monitoring Series (EWSHM 2016), 2016ko B Venture, Espainiako ESRA erakundearen (Anestesia Erregionalaren eta Minaren Tratamenduaren Europako Sozietatea) urteko 22. bilera, 2016 LIBRECON (Business and Open Technologies Conference), 2016ko Huawei Bio Summit saioak edota urteberri txinatarraren ospakizuna.

Era berean, alderdi politikoek eta erakunde sindikalek hainbat bilera eta ekitaldi egin dituzte Euskalduna Jauregian.

Gainera, ikus-entzuleen interesa piztu zuten erakusketak egin ziren, hala nola, Manga eta Japoniako Kulturari buruzko II. Azoka, Bilboko IX. Outlet azoka, Unitour Unibertsitateen Azoka, Bizkaiko Ardoen XIII. Azoka, 2016ko FIG Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia eta “Lights, argiztatutako mundua, by DreamWorks” edo “Titanic: The Reconstruction” bezalako erakusketak.

 

Musika eta ikuskizunak: 318 emanaldi

Bestalde, musika eta ikuskizunen jarduerari dagokionez, 2016an 318 emanaldi izan ziren guztira. 160 Auditoriumean, 82 Antzoki Aretoan, 12 Barria Aretoan, eta 64 Jauregiko beste areto batzuetan. 318 emanaldiak modu honetan banatu ziren:

  • Orkestren eta abesbatzen kontzertuak:                                    78
  • Musika banden kontzertuak:                                                      10
  • Musika klasikoko kontzertuak eta errezitaldiak:                     4
  • Musika-Música ekitaldiko kontzertuak:                                  75 (*)
  • Opera emanaldiak:                                                                       23
  • Balleta eta dantza:                                                                        16
  • Zarzuela:                                                                                          3
  • Antzerki ikuskizunak:                                                                 83
  • Beste zenbait kontzertu eta errezitaldi:                                  26

(*) Horrez gain, doako 36 kontzertu eskaini ziren ziklo horren barruan.

Emanaldien kopuru horri esker, eta ikusleen kopuruari (296.813 ikusle) eta sarreren salmentari esker (8,1 milioi euro baino gehiago), Euskalduna Jauregia Estatuko Auditorium publikoen buruan mantendu da.

Musika eta ikuskizunetako figura handiak
2016. urtean, musikaren, kantuaren eta arte eszenikoen esparruko figura asko izan dira Euskalduna Jauregian. Aipatzekoak dira, besteak beste, Zubin Metha, Karen Kamensek, Vladimir Spivakov, Yaron Traub, James Newton Howard, Ainhoa Arteta, Antonio Siragusa, Jessica Pratt, Ruben Amoretti, Aquiles Machado, Lang Lang, Joaquín Achúcarro, Ludovico Einaudi, Raphael, Manuel Carrasco, Andrés Calamaro, Anastacia, Anne Etchegoien, Julieta Venegas, Pablo López, Sergio Dalma, Carlos Rivera, Carlos Baute eta Bertín Osborne.

Arrakasta handia izan zuten “Zorba grekoa” lanak (Igor Yebra eta Sofiako Operaren Ballet Nazionalarekin), “Red Bull Flying Bach” ikuskizun harrigarriak, “Beltxargen aintzira” ikuskizunak, Salvador Távoraren “Carmen” antzezlanak eta “Cantajuego: ¡Viva mi planeta!” edota “Peter Pan” emanaldiek.

Euskalduna Jauregiko Aste Nagusia Zikloak 36.157 ikusle izan zituen guztira Jauregiko lau aretotan (Auditoriuma, Antzoki Aretoa, A-3 Aretoa eta Barria Aretoa), eta 921.840 euro bildu ziren guztira.

Leo Harlemek arrakasta handia lortu zuen, eszenatokian Sinacio eta Sergio Olalla artistekin batera arituta. Auditoriumean “Hasta aquí hemos “llegao” antzezlanarekin egin ziren sei emanaldietan, eserlekuak bete egin ziren. “El test” izeneko komediak ere arrakasta handia izan zuen, Luis Merlo, Antonio Molero, Maru Valdivielso eta Itziar Atienza antzezleen eskutik. Aurkeztutako emanaldi askotan sarrera guztiak saldu ziren.

Bestalde, 32.508 ikusle bertaratu ziren Gabonetako zikloan eskainitako ikuskizunetara eta “Titanic: The Reconstruction” erakusketara. Guztira, 593.424 euro bildu ziren.

 

401.017 euroko ustiapen-etekina eta 85,09 milioi euroko eragina Euskadiko BPGn

2016an, kontu-ikuskapena amaitzeke dagoela, Euskaldunak 401.017 euroko ustiapen-etekina (Ebitda positiboa) erdietsi du, eta hori oso zenbateko positiboa da; 2015ean erdietsitakora (601.283 euro) iristen ez den arren –urte benetan bikaina izan zen-, nabarmen gainditzen du 2013an (116.216 euro) eta 2014an (240.311 euro) lortutakoa.

Hori horrela, beste urtebetez, ez da beharrezkoa izan diru-laguntza publikoak erabiltzea.

Emaitza ekonomiko positibo hori dela-eta (Jauregia inauguratu zenetik urterik urte lortu ditugun emaitzekin batera), Euskalduna Jauregia liderra da Espainiako Estatuko Biltzar Jauregien kudeaketari dagokionez. Inauguratu zenetik, izan ere, Jauregiak 10.446.702 euroko ustiapen-etekina metatu du.

Lortutako ustiapen-etekinari beste datu bat ere gehitu behar zaio: Euskalduna Jauregiaren jarduerak Euskadiko BPGn duen eragin ekonomikoa (85,09 milioi euro, “Deloitte” nazioarteko konpainiaren kalkulu-ereduaren arabera).

Eragin hori dela-eta, 1.348 lanpostu mantendu ahal izan dira, eta 6.707.952 euroko diru-sarrerak sortu dira Ogasun Publikoetarako.

 

2017: interes bereziko kongresuak

2017. urtean ez dira kongresu handi asko egingo, 2015. urtean eta, neurri txikiagoan, 2016. urtean ez bezala. Dena dela, interes bereziko zenbait hitzordu izango dira Euskaldunan, hala nola, 2017ko Onkologia Interbentzionistaren Europako Konferentzia (ECIO), 2017ko IVI Lagundutako Erreprodukzioaren Nazioarteko VI. Kongresua, 2017ko El Sol Publizitate Komunikazioaren Jaialdi Iberoamerikarra, 2017ko SER Erreumatologiaren Espainiako Sozietatearen Kongresu Nazionala, XIV. ELA Kongresua, 2017ko AVEPA Albaitaritzako Espezialitateen XVI. Kongresua, 2017ko SECPRE Kirurgia Plastiko, Zuzentzaile eta Estetikoaren Espainiako Sozietatearen 52. Kongresu Nazionala eta Urologia Onkologikoko Taldearen XXXII. Bilera Nazionala.

Hona hemen beste bilera-ekitaldi nabarmen batzuk: 2017ko European Buiatrics Forum EBF foroa, Katolikoak eta Bizitza Publikoa XII. Jardunaldiak, Endokrinologia eta Nutrizioaren Euskal Sozietatearen Kongresua, 2017ko METROMEET Metrologia Industrialari buruzko Nazioarteko 13. Konferentzia edota 2017ko QA & TEST Testing eta Murgildutako Sistemetako Softwareen Kalitateari buruzko Nazioarteko 16. Konferentzia.